Eraikik sostengatzen dituen proiektu guziek tokiko elkarte ekosistema baten zerbitzuko tresnak izatea dute helburu, Euskal Herriko hizkuntzaz, kulturaz eta historiaz berjabetzea, ekonomia, ekologia, klima, bazterketaren eta diskriminazioen aurkako borroka, genero berdintasunaren alde, eta elkartasunaren, herri hezkuntzaren eta eskubideen eskuragarritasunaren arloetan.
Eraiki funtsak bermatzen du bere jabetzako gelak eta eraikinak “baltsan” egonen direla behin betiko.
Baionako PATXOKI BERRIA
(obren bukatzea 2027rako aitzinikusia da)

Eraikik bultzatua, COL, Manu Robles-Arangiz Fundazioa eta Baionako Herriko Etxearekin elkarlanean, Patxoki berriak giro atsegineko elkargunea eta topagune herrikoia eskainiko du, Patxa plaza hegian, Iparraldeko metamorfosi ekologiko eta sozialaren zerbitzuko ; Euskal Herriko kultura eta historiari buruzko lanaren eta formazioaren zerbitzuko diren elkarte ezberdinek erabiltzeko egoitza izanen da ere. Bertan izanen direlarik etxebizitza sozial parte-hartzaileak eta aterpetze-zentro kolektibo eta solidario bat.
Tresna nagusi bat izanen da heldu diren hamarkadetarako, lurraldeko alternatiba konkretuak baltsan ezartzeko eta haiek eskalaz aldatzeko.

Lankidetza ekosozialaren zinezko lurralde polo honek osagai hauek ukanen ditu:
• langileentzako jatetxea, elkarte-kafe etxea eta konponketa-kafetegia biztanleen zerbitzuko.
• bulegoak eta erabilera anitzeko gune handi bat (harrera jarririk ukanen duten 180 pertsonako bilitzar nagusiak zein hitzaldiak, bulegoak eta coworking guneak egunean zehar),
• bizilagunen kooperatiba, 8 etxebizitza sozial berritzaile eta inklusiborekin,
• aterpetze-kolektibo eta trantsiziozko espazioa, aterpetze solidarioa eta taldeei harrera segurtatzeko parada ematen duena.
COL-ek sustatua, etxebizitzak eskuragarri izanen dira SCIAPP moduan (alokatze-jabetza eskeman) eta espekulazioa saihesteko mekanismoa den BRS moduan (eraikina eta lurra bereizten dituena, birsalmentaren karietara prezio emendatze espekulatiboa ezinezkoa bilakatuz, birsalmentaren kasuan, azken hau etxebizitza sozialerako eskubidea duten beste pertsona batzuentzat soilik posible delarik), irabazi ttipiak dituzten pertsonentzat. Proiektu honek etxebizitza ekoitzi nahia sinbolizatzen du herrian bizitzeko eta aloitzeko ahala ukaiteko, lur berriak artifizializatu gabe, “hiria, hiriaren gainean” eraikiz..
Egungo eraikinaren desegite lana deseraikuntzatik datozen materialen berrerabilpenean espezializatua den Patxa’ma kooperatibak eginen du eta barneko altzariak berrerabilpenetik eta birgaikuntzatik etorriko dira.
Beskoitzeko Roblès-Arangiz etxea

Beskoitzen kokaturiko Leku Eder etxea, ELAren sortzaileetarikoa eta Estatu kolpe frankistaren ondorioz Iparraldera erbesteratu zen Manu Robles Arangizen familiaren etxea izan da. Historiaz betea, harrera eta erresistentzia lekua izan zen Bigarren Mundu Gerlan, orduan pertsonalitate franko zebiltzan ostatu gunea izan zen eta euskal mundu artistiko eta kulturaleko hainbat pertsonalitateren handitzea ikusi zuen.
Beren etxea noizbait merkatu espekulatiboan bukatzeko arriskuarekin ikustea errefusatuz, eta etxeak interes orokorraren eta Euskal Herri libreago eta solidarioago baten eraikuntzaren zerbitzuko xedearekin, Manu Robles Arangizen oinordekoek 2024an etxe oinordetzan utzi zuten.
Etxe hau, berritze lan handietarik landa, Baionatik hurbil den bilkura eta formakuntza zentro iraunkor bilakatuko da. Beraz, militanteen eta elkarteen formakuntza eta transmisio, baita gogoeta eta ikerketa gune estrategikoa ere bilakatuko da.
Logelak, sukalde eta garbigela eta komun kolektiboak, bulegoak eta bilkura gelak dituen zentro honek eguneko lan-saioetarako edo epe luzeagoetarako taldeak errezebitzen ahalko ditu eta espazio logistikoak ere eskainiko (materialak plantan eman, bildu, artxibatu).